Gaur Egun

Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak sare elektriko adimendunen hedapena abiarazi dute Gipuzkoan

  • 2015ean Donostiako, Orioko, Aiako, Zarauzko, Getariako, Zumaiko, Zestoako, Aizarnazabalgo eta Pasai Antxoko elektrizitatea banatzeko sareak adimenez hornituko dira.
  • Guztira 80.000 kontagailu ordezkatuko dira eta 500 transformazio-zentro modernizatuko dira.
  • Bidelek Sareak proiektuak Euskadin 60 milioi euro inbertituko ditu elektrizitatea banatzeko sareak garatzeko.

Donostia, 2014ko abenduaren 22a – Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen eta IBERDROLAren bitartez, Euskadiko hainbat hirigune sare elektriko adimendunez hornitzeko duen ekimena, Bidelek Sareak izenekoa, 2015ean hasiko da hedatzen Gipuzkoako hainbat herritan, herri horietako sare elektriko konbentzionalak sare adimendun bihurtzeko.

Hedapen hori pixkanaka-pixkanaka gauzatuko da; otsailetik aurrera Donostian hasiko da eta ondoren, abendura arte jarraituko du honako udalerri hauetan: Orion, Aian, Zarautzen, Getarian, Zumaian, Zestoan, Aizarnazabalen eta Pasaian (Pasai Antxon). Egingo diren lanetako batzuk izango dira kontsumitzaileen kontagailu elektrikoak gailu berri adimendunekin ordezkatzea eta transformazio-zentroak modernizatzea.

Helburua honako hau da: 2015ean guztira 80.000 kontagailu ordezkatzea eta 500 transformazio-zentro modernizatzea. Ekipamendu horiek Lurralde Historiko osoko 237.000 biztanle baino gehiagori ematen diete zerbitzua eta prozesuak hiri-kontzentrazio handiak eta landaguneak ere hartuko ditu eraginpean.

Sare elektriko adimendunen ezaugarria da osatzen dituzten elementuen −kontagailuen, transformazio-zentroen, azpiestazio elektrikoen− artean komunikazioak txertatuta dituzten energia elektrikoa banatzeko sareak direla. Gaur egun gure hirietan ditugun ohiko sareekiko hobekuntza teknologikoa dakarte; izan ere, komunikazio-sistema teknologiko aurreratuak biltzen dituzte, eta kontsumoei, sareko kargei eta sarean gertatzen diren gorabeherei buruzko informazio zehatza eta zehaztua denbora errealean izatea ahalbidetzen dute. Horrek gero eta konplexuagoa den sare elektrikoa hobeto kudeatzea ahalbidetzen du; izan ere, sare elektrikoak gero eta kontsumitzaile eta erabilera mota (garraio elektrikoa eta abar) gehiagori eman behar dio zerbitzua eta produkzio banatuko hainbat instalazio txikiren (adibidez, instalazio berriztagarri txikiak) produkzioa ere bildu behar du.

Hobekuntza teknologiko honi esker, energiaren erabilera optimiza daiteke, galerak gutxitu daitezke eta gorabeherei, matxurei eta zerbitzu-mozketei erantzuna emateko behar den denbora murriztu. Hots, kudeaketa eraginkorragoa eta zerbitzu hobeagoa izatea ahalbidetzen da. Gainera, urrutiko zerbitzuak ematea errazten du, esaterako neurketa-ekipoak irakurtzea (kontadoreak), kontratuen altak eta bajak egitea edo kontratatutako potentzia aldatzea.

Teknologia honen beste alderdi aipagarrietako bat kontsumitzaileek eskura dezaketen informazioa da, kontsumoak denbora errealean kudeatzeko aukera eskaintzen baitu, eta horrek aldi berean energia aurreztea eta efizientzia bultzatzen ditu, hain zuzen kontsumitzaileak energia-erabilerari buruzko informazio gehiago izaten duelako.

Bidelek Sareak proiektua Euskadin

Bidelek Sareak proiektuaren bitartez Euskadin sare adimendunak hedatzeko prozesua 2012an hasi zen Bilbon eta Portugaleten. Bi udalerri horietan jadanik 230.000 kontagailu adimendun instalatu dira kontagailu konbentzionalak ordezkatuta eta bestalde, 1.100 transformazio-zentro egokitu dira abangoardiako teknologiarekin. Era berean, Lea-Artibaiko eskualdean azpiestazioen berritzearen bitartez automatizazio-plan aurreratu bat jarri da martxan. Ekipo horiek zerbitzua ematen dieten 410.000 biztanleren instalazioak hobetzea ahalbidetuko dute lan horiek guztiek.

Bidelek proiektua sare adimendunak ezartzeari buruzko Europako eta Estatuko araudiak betetzeko sortu zen eta, aldi berean, kontagailuak modernizatzeko eta aldi berean, sare osoa modernizatzeko aukera izan da, sistema guztiei teknologia aurreratuena aplikatuz. Gainera, egokitzapen hau industriaren trakzio-elementu bihurtzen ari da, teknologia hori euskal enpresak ari direlako eskaintzen, eta, beraz, sektore teknologiko honentzat hazteko aukera da baita munduko lider teknologiko gisa kokatzeko palanka ezin hobea ere. Azken batean, Eusko Jaurlaritzak, EEEren eta IBERDROLAren bitartez, Bidelek Sareak proiektuari emandako bultzadarekin, Euskadi Europako eskualde aurreratuenetakoa izan dadin lortu nahi da, sare adimendunen azpiegiturei dagokienez.

Bidelek Sareak proiektu osoarentzat aurreikusitako inbertsioa 60,5 milioi euro da.

Erabiltzailearen informaziorako webgunea

Euskadiko sare elektriko adimendunak hedatzeko proiektuan biltzen diren garapenen barruan www.bidelek.com webgunea sortu da; webgune horren bidez sare adimendunen eta Bideleken aurrerabidearen inguruko informazioa eman nahi da eta, aldi berean, kontsumitzaileei zuzendutako bi komunikazio-bide sozializatu, hain zuzen ere kontsumitzaileek beren kontsumoak zenbatekoak diren eta zein unetan egiten dituzten zehaztasunez jakiteko helburuarekin, eta informazio horri esker beren kontsumoa optimizatzeko neurriak har ditzaten.

Webguneak alde batetik, Iberdrola Distribución enpresaren telekudeaketako kanala biltzen du; kanal horrek kontsumoei eta sareko gorabeherei buruzko informazio xehe eta zehatza eskaintzen die kontsumitzaileei baita une zehatz bateko kontsumoaren berri izateko aukera ere, kontsumoaren berehalako irakurketa eskatuz gero. Bestetik, EEEren portalean dagoen bigarren aplikazio bat ere biltzen du, Nire Energia izenekoa, eta aplikazio horrek honako hauek egiteko aukera eskaintzen dio kontsumitzaileari: kontsumoen banaketez simulazioak, kontsumo-azterketak, datuen konparaketa, baita aplikazioan proposatzen diren energia aurrezteko erronkak onartzea ere.

abendua 22, 2014
Posted by admin
Comments Off

Comments are closed.

BIDELEK - © 2013-2014