Gaur Egun

Bidelek Sareak 75.000 elektrizitate-kontagailu digital jarri ditu urtebetean

Bidelek Sareak 75.000 elektrizitate-kontagailu digital jarri ditu urtebetean

Bidelek Sareak Interes Ekonomikoko Elkartea 2011. urtearen bukaeran sortu zen Iberdrolaren eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) partaidetzarekin, Bilboko eta Portugaleteko sare elektrikoak berritzeko. Urtebete igaro da lanak hasi zirenetik, eta dagoeneko azken belaunaldiko ia 75.000 kontagailu digital jarri dira kontagailu arrunten ordez. Bilboko San Inaziotik Zazpi Kaleetara doan gunean 57.691 aldatu dituzte, eta beste 11.722 unitate, Bilboko erdigunean eta zabalgunean. Portugaleten, 5.349 kontagailu aldatu dira.

Bidelek proiektuak sare adimendun integralaren kontzeptua baliatu nahi du; beraz, kontagailuak aldatzeaz gain, banaketa-sarea berritu nahi du transformazio-zentroetan eta azpiestazioetan teknologia digitala ezarrita. Aurreko urtean, kontrol-maila desberdinetako 329 transformazio-zentro berritu ziren. Instalatutako transformazio-zentro guztiek telekudeatzeko gaitasuna dute, 125etan gainbegiratze-zerbitzuak jarri dira, eta 69k automatizazio-maila altuena dute. Azpiestazioei dagokienez, landa-eremuetako batzuk hobetuko dira. Esaterako, jada eskatuta dago Ondarroko ekipamendua, eta ekainean martxan jartzea espero da. Lekeition eta Aulestin, baimen administratiboak tramitatzen eta ingeniaritza-lanak egiten ari dira.

2013. urtean, gainbegiratzeko eta sarea optimizatzeko sistema berriak garatzeko zenbait proiektu kontratatu dira Bideleken bitartez. Gailu adimendunen bidez jasotako informazio ugaria kudeatzeko aukera ematen dute horiek, eta sareak modu arin eta eraginkorrean funtzionatzea lortzen da. Horretaz gain, showroon bat eraikitzeko lanak hasi dira, eta hor erakutsiko da zer sistemak osatzen duten sare elektriko adimendun bat, eta nola funtzionatzen duen eta nola kudeatzen den simulatuko da.

Sare elektriko adimendunak Euskadin
Proiektu hori garatzeko, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak Bidelek Sareak elkartea sortu zuten 2011ko abenduan; horren bidez, 60 milioi € inbertituko dituzte lanak garatzeko beharko dituzten 3 urtean. Proiektua diruz laguntzez gain, energia-aurrezteari eta -eraginkortasunari buruz eta bezeroen eskaeraren kudeaketa hobetzeari buruz duen jakintzaren ekarpena egingo du EEEk. Iberdrolak, berriz, proiektuaren alderdi teknikoak eta instalazioari dagozkionak gidatuko ditu.

Bidelek proiektuaren bidez, udalerri horietako banaketa-sareak erabat eraldatu nahi ziren, eta azpiegitura digital modernoak jarri; hala, udalerri horiek munduko erreferente izango dira sare elektriko adimendunen alorrean. Hiru urte horietan, 200.000 kontagailu aldatuko dira Bilbon, eta 27.000 Portugaleten. Guztira, 1.100 transformazio-zentro berrituko dira, eta zenbait azpiestazio eta kontrol- eta gainbegiratze-sistema hobetuko dira, teknologia digital aurreratuena aplikatuta.

Teknologia eta sistemen zati garrantzitsu bat euskal enpresak ari dira hornitzen; hori aukera paregabea da enpresa horiek teknologikoki garatzeko, eta, orobat, lider teknologiko gisa kokatzeko asko haz daitekeen merkatu horretan.

Sare adimendun deiturikoek ohiko sareek ez bezalako hobekuntza teknologikoak dituzte. Hala, energia elektrikoa banatzeko gaur egun gure herrietan ditugun ohiko azpiegiturak teknologia digitalarekin konbinatzen dituzte, gainbegiratzeko, informazioa trukatzeko eta telekomunikazioetarako. Hartara, komunikazio-sistema aurreratuenak integratzen dira teknologia digital horren bidez, eta horrek aukera ematen du kontsumoez, sarean izaten diren kargez, arazoez edo gorabeherez informazio zehatza eta denbora errealean izateko. Informazio horretaz baliatuta, energiaren erabilera hobetzeaz gain, galerak murrizten dira, eta zerbitzuan izan daitezkeen eten, matxura eta arazoei aurre egiteko edo erantzuteko denbora nabarmen laburtzen da. Azken finean, energia-kudeaketa eraginkorragoa lortzen da, eta horrek energiaren kontsumoa murriztea ekarriko du. Kontsumitzaileek informazio zehatza jasoko dute laster, beren kontsumoak kudea ditzaten, eta, horrenbestez, elektrizitatearen kostuak murriztu.

abendua 3, 2013
Posted by admin
Comments Off

Comments are closed.

BIDELEK - © 2013-2014