Gaur Egun

EEEk 21,7 milioi €-ko diru-laguntzak kudeatu zituen 2012. urtean

EEEk 21,7 milioi €-ko diru-laguntzak kudeatu zituen 2012. urtean

Energia-eraginkortasuna, itsas energiak, baso-biomasa eta mugikortasun elektrikoa izan ziren EEEren jarduera nagusiak aurreko ekitaldian

  • Guztira, 3.900 eskaerari erantzun zioten diru-laguntzek, batik bat energia-aurrezte eta -eraginkortasunaren arloan, eta garraio eta mugikortasun eraginkorrei dagokienez.
  • 80 ibilgailu elektriko erosteko laguntza eman zuen, eta ibilgailu-mota horiek kargatzeko 164 puntu daude guztira Euskadin dagoeneko; horietatik, 102 pribatuak eta beste 62 publikoak.
  • Berriztagarrien alorrean, biomasa eta trukaketa geotermikoari lotutako instalazioak nabarmendu behar dira. Gainera, bimep proiektuaren baimen administratiboak lortzeko faseak amaitu dira, eta, horrenbestez, instalazio-obrak amaituko dira 2013n.

2012ko ekitaldian Energiaren Euskal Erakundeak garatutako jarduerak ekitaldi horri dagokion urteko txostenean jaso dira, eta han zehaztu dira inbertsioak sustatzeko jarduerak, gauzatzen ari diren proiektuak eta laguntza-programak. Ekitaldian gauzatutako lan horietan guztietan eragina izan dute 3E2020 Euskadiko Energia Estrategia onartu izanak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia EEEko presidente izendatu izanak.

Bestetik, Euskadiko industriaren energia-kontsumoa jaitsi egin da 2012an; izan ere, kontsumo elektrikoak % 7 egin zuen behera, 2011n izandakoaren aldean, eta krisia hasi zenetik % 17,5eko jaitsiera metatu da. Gas naturalaren kontsumoak, aldiz, % 6,5 egin zuen gora, bi urtez behera egin ondoren. Eta gauza bera gertatu da A gasolioarekin, eta horrek eragin du erregaien kontsumoa % 5,7 handitzea.

Energiaren testuinguru horretan, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko EEEren laguntza-programek 21,7 milioi euro jarri zituzten, laguntza-programa guztietara aurkeztu ziren 3.900 eskaerei baino gehiagori erantzuteko. Bai emandako diru-laguntzen bolumenari erreparatuta (9,9 milioi euro) bai aurkeztutako eskaera-kopurua aintzat hartuta, industrian eta eraikinetan energia-eraginkortasuna sustatzeko diru-laguntzak gailendu dira, 1.400 eskaera izan baitira guztira. Garraioa eta mugikortasun eraginkorra bultzatzeko laguntza-programa izan zen bigarren epigrafea, 1,9 milioi euroko aurrekontua eta 1.102 eskaera izan baitzituen; programa horretan biltzen dira Euskadiko mugikortasuna hobetzeko eta ibilgailu elektrikoa sustatzeko egindako ahaleginak.

Energia berriztagarriak garatzeko proiektuei dagokienez, nabarmentzeko moduko zenbait egitasmo aipatu behar dira; esate baterako, Bizkaiko Armintzako kostaldearen aurrean kokatuko den bimep proiektu batek, itsas energien bihurgailuak probatzeko eta erakusteko eremu baten instalazioak hain zuzen, arin egin zuen aurrera egitasmoa gauzatzeko behar diren baimen administratiboak bideratu edo tramitatu ondoren. Gainera, Bimep SA sozietate publikoa sortu zen, Energiaren Euskal Erakundearen (% 80) eta IDAE Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren (% 20) partaidetzarekin. Instalazio-lanak egiten jarraituko dituzte 2013. urtean, eta ekitaldi honetan amaitzea espero dute.

Era berean, aipatzekoa da baso-biomasaren energiari eman zaion bultzada ere, sektoreko zenbait eragilerekin izan den lankidetza garrantzitsua izan baita udal-mailan bero-sareak sustatzeko eta ebaluatzeko. Biomasa energia-iturri ugaria da gure basoetan, eta, beraz, Euskadin energia hori erabiltzeak aukera handia ematen du Europako iparraldeko herrialdeetako biomasaren ustiapenaren garapen-mailara heltzeko.

Bestetik, Euskadin aurrerapausoak ematen ari dira tenperatura baxuko geotrukaketaren bidez eraikuntzak klimatizatzeari dagokionez. Laguntza-programei esker, horrelako 80 instalazio baino gehiago bultzatu dira; guztira, 1.600 kW-eko potentzia instalatua.

Garapen teknologikoari dagokionez, esan behar da garraioaren elektrifikazioaren alorrak hedapen handia izan duela 2012ko ekitaldian. EEEk eman dituen laguntza-programek posible egin dute 80 ibilgailu elektriko erostea; gainera, horiek kargatzeko azpiegitura hedatzen eta handitzen ari da, eta 2012an kargatzeko 164 puntu daude dagoeneko Euskadin, 102 pribatuak eta 62 publikoak. 2012ko uztailean, Ibilgailu Elektrikoaren Mugikortasun Zentroa sortu zen Vitoria-Gasteizen, zeinaren helburua baita herritarrak garraiobide-mota eraginkor horretara hurbiltzea. Zentro horretan, ibilgailu elektrikoak erakusteko areto bat dago, proiekzio-gela bat eta ibilgailuak nola kargatzen diren erakusteko zenbait puntu daude.

Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak sustatutako Bidelek Sareak proiektuak Bilboko eta Portugaleteko hiri-eremuetan sare adimendunak instalatzen eta martxan jartzen jarraitu zuen, eta, 2013aren amaieran, 82.000 elektrizitate-kontagailu digital zituzten martxan, bai eta maila desberdinetako 360 transformazio-zentro. Lanek aurrera jarraituko dute aurten, eta 2014an 230.000 kontagailu adimendun instalatuta izatea dute helburu. Gainera, puntako teknologia elektrikoan euskal industriaren ahalmenak erakusteko helburuarekin egindako erakusketa-aretoa ustiatzen hasiko dira.

azaroa 26, 2013
Posted by admin
Comments Off

Comments are closed.

BIDELEK - © 2013-2014